domingo, 25 de marzo de 2012

Mintzairaren trastornoak. Noiz kezkatu?


 

Mintzairaren trastornoak

Jabier Agirre 2012/03/16


Zure seme-alabak arazoak al dauzka hitzak ahoskatzerakoan? Espresatzeko zailtasunak al dauzka? Edo ez ditu esaldiak modu egokian josten? Ez larritu, arazo horiek guztiak normalean, konpontzeko modukoak dira eta.
Umeek pixkanaka ikasten dute hitz egiten, modu gradualean alegia. Normala da, beraz, prozesu luze horretan zehar, zailtasunak izatea. Zailtasun horiek oso nabarmenak direnean edo denbora luzeegian irauten dutenean, litekeena da mintzairaren arazo bat izatea. Kasu horretan espezialista batengana joatea komeni da. Azken kalkulu eta estimazioen arabera, haurren % 5-7k mintzairaren trastornoak dituztela pentsatzen da gaur egun. Eta kasu horietatik % 1 soilik hartu behar da dislalia larria bezala, konpontzeko zaila den arazoa bezala. Gainerako guztiak nahiko ongi eta erraz konponduko dira tratamendu egokiarekin.

Hots batzuk ez ditu ondo ahoskatzen
Trastorno horri dislalia esaten zaio eta horixe da, hain zuzen ere, mintzairan arazoak dituzten neska-mutikoen artean usuena.

● NOLA DETEKTATU
Letra jakin batzuk ahoskatzeko zailtasuna da dislalia —R eta S letrak izan ohi dira gehienetan—. Normalean letra horiek beste batzuekin ordezten ditu umeak (esate baterako L erabiliko du R letraren ordez, edo S nahiz Z nahastuko ditu). Edo gerta daiteke baita letra horiek jan edo ahaztea ere (“txakua” esango du, adibidez, “txakurra” esan beharrean).

● NOIZ KEZKATU
Hitz egiten ikasteko prozesuan zehar horrelakoak gertatzea aski gauza normala da. Ume asko pasatzen dira horrelako faseetatik, eta kasurik gehienak bere kasa konpontzen dira, aparteko tratamendurik gabe. Hala ere, lau urtetik aurrera horrelako dislalia batek hor jarraitzen badu, agian espezialista batengana eraman beharko zenuke haurra.

● ARRAZOIAK
Hiru eratako dislaliak hartu behar dira kontuan:
• organikoak: hizketaren prozesuan parte hartzen duten organoetako batean (ezpainetan, hortz-haginetan, mihian edo aho-sabaian) dauden akats edo malformazioek eraginak izaten dira.
• entzumenekoak: ondo entzuten ez duten umeetan agertzen dira. Haurrak ez badu ondo entzuten, logikoa da soinu edo hitzen bat edo beste ondo ez ahoskatu edo erreproduzitzea.
• funtzionalak: aurrez aipatutako arrazoirik ez da aurkitzen ume horietan. Ahoskera edo ebakera txarrak beste arrazoi batzuk edukiko ditu: arazo afektiboak, nortasun-arazoak, umearen heziketa-maila eskasa, gurasoen aldetiko gehiegizko babesa, ....

Ez du bere adineko umeen mailarik ematen
Haur askok atzerapenak dauzkate mintzairaren garapenean. Prozesua normal doa, baina zertxobait atzeratua. Bestela, ume horiek ez daukate arazo berezirik, dislalia edo toteltasunik.

● NOLA AGERTZEN DA
Normalean, beraiek baino urtebete edo bi urte gazteagoak diren haurren moduan hitz egiten dute. Eta bere adinerako ikasi beharko lituzketen egiturak (aditza jokatzeko moduak, edo izenaren eta adjektiboaren hurrenkera, euskararen kasuan batzuk aipatzearren) ez dituzte behar bezala erabiltzen, edo egunero erabiltzen duten hiztegia oso pobrea da, bere jirako beste haurren aldean.

● ZER EGIN
Mintzairaren atzerapenik gehienak bere kasa konpontzen dira. Hala ere, eta umearen atzerapena bi urtekoa baino handiagoa dela sumatuz gero, komeniko litzateke espezialistaren batengana eramatea, zalantzak argitu eta diagnostikoa egiteko.

Gure umea hitz-totela ote da?
Hiru urte inguruko ume askok pasatzen dute toteltasun moduko aldi bat. Gauzak esateko gogo handia eta zer kontatzeko ugari eduki arren, esan nahi dutena esateko aski gaitasunik ez daukatenez, sarritan trabatu egiten dira, eta hitz totelka has daitezke. Toteltasun horri fisiologikoa esaten zaio, normaltzat jo beharrekoa da, beraz, eta 4-5 urteren bueltan bere kasa desagertzen da. Horrela gertatzen ez bada, aldiz, litekeena da benetako hitz-toteltasuna izatea, eta, orduan bakarrik, espezialista batengana eraman beharko dugu umea, zalantzak argitzeko.

● NOLA DETEKTATU
Toteltasuna daukan umeak soinu edo hots isolatuak nahiz silaba solteak errepikatzen ditu behin eta berriz. Hitzen jario normala etengo luketen espasmo modukoak izan ohi ditu umeak. Toteltasunak maila diferenteak dauzka, hasi noizbehinkako zezelkako saioetatik eta umea espresatzeko erabateko ezintasunera daraman toteltasun larriraino.

● JATORRIA
Gaiaren inguruan ikerketa ugari egin diren arren, oraindik ez da erabat ezagutzen zein den toteltasuna eragiten duen azken arrazoia. Gaur egun, nortasunaren trastorno baten ondorioa izan daitekeela pentsatzen dute adituek, izan ere totel askok batzuetan bakarrik egiten baitute kale hitz egiterakoan, pertsona jakinen edo egoera berezien aurrean aurkitzen direnean soilik.

Zein espezialistarengana joan
Gurasoek edo hezitzaileek mintzairan arazoren bat detektatu bezain pronto (ez ahaztu sarritan lehen susmoa kanpoko batek, eskolako profesional batek adibidez hartuko duela, familia giroan umearen portaera hori normaltzat hartzen delako), pediatrarengana jo behar da aurrena. Pediatra baita gorreria, ahoko edo hortz-haginetako malformazioak nahiz trastorno psikologiko edo neurologikoak bezalako arrazoiak baztertzeko espezialistarik egokiena. Lehendabiziko azterketa horren ondotik, pediatrak berak erabakiko du zer-nolako espezialista behar duen haurrak, horrelakorik beharko balu.
● PSIKOPEDAGOGOA
Mintzairaren arazoa trastorno psikologiko edo afektiboek eragina denean.
● LOGOPEDA
Bera da mintzaira kontuetan era guztietako arazoak tratatzen dituen espezialista, hasi hortzetako edo ahoko akatsek eragindakoak, eta gaixotasun neurologikoak, ahotsean egon daitezkeen arazoak, etab. tratatzeraino.

Aholkuak gurasoentzat
* Hitz egin zure haurrari lehen unetik. Zure hitzen esanahia ulertzen ez badu ere, belarria landu eta heziko diozu, ondorengo ikaskuntza errazteko.
* Pixka bat koxkortzen denean, esaiozu zure hitzak errepikatzeko. Horrelakoak gustukoak izaten ditu haurrak, baina jolas moduan izan dadila, inolaz ere behartu gabe.
* Ez erabili haur-hizkerarik umearekin ari zarenean. Umeak imitazioz ikasten du, eta bere hizkera egokia izatea nahi baduzu, zureak ere horrelakoxea izan beharko du, eta hasieratik bertatik gainera.
* Hizketan hasten denean, ez zuzendu etengabe bere ahoskera, egokia ez bada. Mesede baino kalte gehiago egingo diozu, bere gaitasunean konfiantza galdu egingo lukeelako.
* Irakurri iezazkiozu ipuinak txiki-txikitatik. Horixe da umearen hiztegia zabaltzeko modu eraginkor eta atseginenetakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario